//
Bilboko zazpikaleak

Plano 1375-1445Bilbok, 1300an birfundatua izan zenean, hiru kale zituen bakarrik: Somera (cimera edo goienkale), Artekale (erdiko kale nagusia) eta Dendarikale (aintzina Santiago kalea ere deitua). Esan daiteke, beraz, Bilboko lehenengo kale nagusia izan zela Artekale. Hala ere, Santiago katedralean eginiko azken indusketek askoz lehenagoko populazio baten aztarnak eman dizkigute, hortaz, 800 urte baino gehiagoko historia luzea duela Bilboko alde zaharrak, eta irudi honetan garai hartako plano hauek ikusita (1375 eta 1445koak), egungo kaleen eta kantoien egitura bera mantendu dela gaur arte.

Fundazioaz gero, jarduera ekonomikoak eta biztanleria azkar hazi ziren eta gaur egungo zazpi kaleak eratuta zeuden 1445an. Hasierako hiru kale horiek harresi batekin erdi-inguratuak zeuden. Harresia Zamudioko atean hasten zen, gaur egun Unamuno plazatik Artekalera doan bidean, gutxi gora behera egun Elkar megadenda dagoen inguruan, eta egungo Erronda kalea jarraitzen zuen San Antoneraino. Kale bakoitzak bere atea zuen egun erriberako merkatua dagoen alderantz (aintzina plaza zaharra deitua), eta ate guzti horiek San Antongo zubian zegoen ate fortifikatu bakarrera zihoan bidea irekitzen zuten. Ate horietako bakoitza dorretxe batena zen: Legizamon (Somera), Zubialdea (Artekale) eta Arbolantxa (Dendarikale) dorreak. Gainera geroago Erronda kalea izango zenetik beste sarrera bat zegoen Somerara, Ibeniko Atea izenekoa.

Zazpi kaleak osatu ostean harresiak jada zazpi-kale osoak inguratzen zituen. 1445eko mapan zortzi dorrek eta hiru atek irekitzen dute hiria kanpoaldera. Lehen aipatutako bi ateez gain beste bat zegoen Belostikallen. Antzinako harresi horietatik antza zerbait geratzen da Erronda kalearen kantoi batean. Gaur egun Yohn jauregia dagoen lekuan (La Bolsa) eginiko ikerketa arkeologikoetan harresi horren zatiak aurkitu ziren eta ikus daitezke bertako sotoan.

Bilbo beti egon da ibaiarekin oso loturik, antzinako portuaren jarduerak San Anton Elizaren aurrean hasi zirenetik gaur egungo Superportura arte. Bere kokalekuagatik, berehala hasi zen garrantzia irabazten Gaztelako produktuen igarobide bezala. Horrela biztanleria pixkanaka hazten joan zen. San Antongo zubia zen hirirako sarbide nagusia, bertatik igarotzeko ordaindu beharra zegoelarik. Urte horietan ere Donejakue bidearen kostaldeko adarra Bilbotik igarotzen zen, eta horrek diru gehiago ematen zion.

Harresiak eraisten 1571an hasi ziren, egondako sute baten ondorioz. Azaroaren 9an sute batek ia etxe guztiak erre zituen, zutik 6 dorretxe eta elizak bakarrik utziz.[5]. Hortik aurrera etxe guztiek hiru solairu izan behar zituzten, behekoa dendetarako eta goiko biak etxebizitzetarako. Gehienek labe bat eta baratze bat zuten. Etxeen altuera 10,45 metrotik 10,86ra izan behar zuen[6]. Sute honen ondoren kaleen zabalera egokitu zen, 6,25 metrotara eta kale berriak eraiki: Santa Maria, Bidebarrieta, Santiago (Korreo), Kale Erreala eta Iturribide. Pietate eta Parra zeharbideak ere ireki ziren[5].

XVI. mendean ere Bilbok kaleak garbitzeko lehenengo sistema instalatu zuen. Ura itsasadarrean gora hartzen zen eta lur azpitik Erronda kalean zegoen biltegiraino eramaten zen. Hori beteta zegoenean ateak ireki eta ura azkar eta indartsu jaisten zen kaleetatik berriro itsasadarrera. Garai horretarako nahiko aurreratua zen sistema hau.[5]

XVIII. mendean, San Nikolasko baseliza txikia egon zen tokian, gaur egungo eliza eraiki zen, eta honen aurrean zegoen Areatzan, Bilboko parkea. Horrela, berez Bilboren “hondartza” zenean, zuhaitzak landatu ziren eta hirirako aisialdi gune bilakatu zen. San Antongo elizatik hurbil, garai hartarako oso modernoa zen ospitale bat eraiki zen (Atxurikoa), gizonak emakumeetatik bereizten zituena.

Zazpikaleen iparraldera, kale berriak sortu ziren, Posta eta Bidebarrieta horien artean. Eta Plaza Barria. Hauxe jotzen da hiriaren “lehen zabalgunetzat”, Sendeja eta Itxaropen kaleetan zehar egindakoarekin batera (gaur egun Udaletxearen eraikina ezartzen den gunean alegia).

XIX. mendean ere Plaza Barria eraikitzeko plana garatu zen, Donostian baino mende bat beranduago. 1784an Alejo de Mirandak egin zuen lehenego plana, Agustin de Humaranek aldatu zuen 1805an eta Avelino Goikoetxeak bukatu zuen, ahalik eta 1851an bukatuta egon zen arte. (Wikipediatik aterata).

Discussion

No comments yet.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *